XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Botoiletan

Bizi garen etxearen gibelean Ezterengibeleko erreka eta ur haundiak juntatzen diren lekuan, ariñordoki bat bada biziki ederra, hondartzaño bat. Hemengoek sablategia erraten diote.

Ohartu gabe hartzen ditugu usaiak eta lanetik landa edo goizetan jeikitzean deus karkulatu gabe bospasei minuta xahutzen ditut hor.

Arraintzariak urari so egoiten direlarik bezala.

Nire gogoan herri hau gehienik sinbolisatzen duen gauza da ura eta honi natzaio berehala ohartzen, honen azantzaz jabetzen egun batendako ere uzten dudalarik Ezterentzubi.

Ur-hasteen biharamunekoa zait gehienik atsegin, mendiko harri eta lohien usaina, ezpel izerleka, orbel lizun eta goroldio bustiaren hatsa hartuz, sablategia arramoldatu duelarik urak.

Beti iduritu zait menaia haundiaren egiteko haserrez jeikitzen den etxekanderearen axola duela Errobiak, bere hegien xahatzeko xedez.

Hondartzan, harriak bakoitza bere lekuan ohatuak atzematen ditugu biharamunean: urrunenik hare arinena, ondotik legarra azkenik gahalla edo kallaba pizuak, hauek urak oraino milikatzen ari.

Teila puxkek eta berinakiek lekuz tronpatuak ematen dute sablearen erdian.

Ez dira horgoak egia erran, gizonen mundukoak baizik, eta ez daitezke uraren afera.